Albisteak
2021/01/10
Pepe Romo, boluntarioaren saria
Sarekide Getxo, Getxoko erakunde boluntarioen elkarteak, Udalaren lankidetzarekin eman dio garaikur hau gure lankide eta Perualde elkartearen sortzaile Pepe Romori. Sari hau aitortza bat da boluntario gisa eta boluntariotza sustatzeko eta boluntariotzan oinarritutako proiektuak garatzeko egin duen lanarengatik.
Pepe Romok (Perualde) eta Paco Castellsek (Cáritas) Boluntarioaren Saria partekatu zuten kategoria indibidualean. Gizatiar, Romo-Areetako emakumeen elkarte soziokulturalak urteko erakunde boluntarioaren saria jaso zuen. 25 urte bete dituen elkarte honen ibilbideari eginiko aitortza bat da.
Boluntariotzaren XXVII. Topaketa
Sari-banaketa ekitaldia abenduaren 16an egin zen Elkartegian, eta bertan Getxoko alkate Amaia Agirrek eskerrak eman zizkien boluntarioei euren lanarengatik, bereziki hain zaila izan den urte honetan.
“Ez dakit lortu dugun elkartasuna, erantzukizuna, lagun-hurkoarekiko dedikazioa, ezer gutxiren truke egiten diren ekarpen pertsonal eta kolektiboak edo konpromisoa eta lankidetza handitzea azken hilabeteotan. Baina bai uste dut hauxe dela zorigaiztoko pandemia honetatik atera dezakegun ia gauza positibo bakarra: ikusgarritasuna ematea boluntariotzaren lan ordainezinari”, azpimarratu du alkateak.
Topaketan izan ziren, besteak beste, Juanjo Quiñones, SAREKIDEko presidentea; Carmen Díaz, Kohesio Sozialeko zinegotzia, eta Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko beste ordezkari batzuk.
Pepe Romo
Pepe Romo getxotarrak 20 urtetik gorako ibilbidea egin du Perualde elkartean boluntario eta sustatzaile bezala. Ezaguna da ilusioa eta ahalegina zabaltzen dituelako, eta erakusten digulako aldaketa-agente aktibo izan behar dugula gizarte hobe bat sortzeko, bai herrialde pobretuetan eta baita ere gure inguruko auzo eta herrietan. Bere iritziz, “medikuek boluntario izatea errezetatu beharko lukete”.